Beharrezkoa den informazio guztia bildu denean, bizitza estiloaren funtsezko plangintzaren arduraduna den pertsona informazioa ordenatzeko, sistematizatzeko eta idazteko moduan egongo da. Horretarako, ondo egituratua dagoen euskarria erabiltzea komeni da (A eranskinean zenbait zerbitzutan egituratua dagoen txantiloia proposatu da; horri esker, informazio mota desberdinen antolakuntza ona egin daiteke). Informazio hori hasierako planaren oinarria izango da baina, logikoa denez, eboluzionatuko da eta osatzen joango da pertsona hobeto ezagutu ahala. Egia esan, hasierako plan hori oinarrizko ardatz gisa erabilgarria da, horri irauliko baitzaio informazio guztia.
Hasierako plana diseinatzeko lehenengo urratsa bildutako ohar guztiak berraztertzea da eta, ondoren, modu egituratuan antolatzen saiatzea. Gidaren atal horretan, antolakuntza egiterakoan jarraitu beharreko ordena deskribatzen da baina une oro gogoan eduki behar da atal jakin bat betetzerakoan beste atal batean hobeto sartuko zen daturen bat agertzen bada beste atal horretara bidaltzea komeni dela, bai eta informazio horri buruzko oharrak hartzea ere, ahazteak saihesteko. Informazioa atal bakoitzean txertatzerakoan pentsatu behar da zeintzuk diren bertan sartu liratekeen gainontzeko alderdiak baina oraindik ez ditugunak. Izan ere, gogoeta hori oinarritzat hartuta, informazioa osatzeko elkarrizketa edo bilera berriak egiteko aukera hausnartu daiteke. Hutsegiteak saihesteko, hauxe egitea komeni da: alderdi edo hutsune horiek guztiak atal zehatz batean jasotzea “egiteke dauden gauzak” izenekoa.
Hasierako idazketa egiterakoan, honi buruzko zalantzak agertu daitezke: zein den informazio jakin bat jasotzeko atalik egokiena edo zein den kontu jakin bat adierazteko modurik zuzenena eta zehatzena; ez dago zertan horri buruz gehiegi kezkatu; momentuz, egin behar dena da bildutako informazio guztia islatu eta aurrerago planaren edukiak berraztertzeko denbora egongo da eta, hala badagokio, beharrezkotzat jotzen diren aldaketak egiteko denbora ere.
Hasierako plana idazterakoan, honako irizpide orokor hauek kontuan hartu behar dira:
Pertsonak komunikatzeko zailtasun handiak baldin baditu, eguneroko bizitzarako laguntza handia behar badu eta laguntza hori nola ematea gustatuko litzaiokeen adierazteko aukerarik ez badu, eguneroko ohikeriaren zatiak modu zehatzean deskribatzea komeni da, erreferentziazko jarraibide batzuk edukitze aldera laguntza eskaintzen duten pertsonek esku hartzea pertsonaren lehentasunetara egokitu dezaten.
Aintzat hartu behar da hasierako plana, lehenengo hurreratzea denez, ezin dela osatua egon, ezta perfektua izan ere. Prozesua abian jartzeak aurrera egin ahala hobetuz joango da.