Nola diseinatu daiteke bizitza estiloaren funtsezko plangintza bat?
Ekintzak adostu
Aurrera eraman beharreko ekintzen gaineko akordioak adostea bileraren azken fasea da.
Lehenik eta behin, pertsonaren ikuspegitik, haren egungo bizitzan funtzionatzen duten gauzen edo alderdien zerrenda berrikusi behar da, egoera horrek jarrai dezan bermatzeko ekintzaren bat adostu behar ote den xedatzeko. Hala izanez gero, taldeak zer egin behar den, nork egin behar duen eta noiz adostu beharko du eta “Ekintza plana” izenekoari erreserbatutako fitxan erregistratuko da. Beste parte hartzaile batzuen ikuspegitik antzemandako elementuen inguruan gauza bera egin behar da.
Jarraian, pertsonaren iritziz, egungo bizitzan funtzionatzen ari ez diren gauzak edo alderdiak berrikusi behar dira: argi daudenean eta adostasuna dagoenean, egoera hori aldatzeko aurrera eraman behar diren ekintzei dagokienez, nork eta noiz garatu behar diren erabakiko da; argi ez dagoenean eta zalantzak edo desadostasunak daudenean, azkarregi ez ibiltzea eta kontu horiek guztiak aparteko orrialde batean, “Ideiak sortzeko fitxa” izenekoan, jasotzea komeni da (bertan, hausnarketa denbora bat behar duten alderdi guztiak bilduko dira).
Gainontzeko parte hartzaileen ustez funtzionatzen ari ez diren gauzekin modu berean jokatu behar da. Batzuetan, gerta daiteke pertsona haren osasunari kalte egiten egotea eta, kasu horietan, komenigarria da hari azaltzea zein den egoera eta jarduteko modua aldatzeko beharraren gainean konbentzitzen saiatzea. Kasu horietan, arrazoiak onartu nahi ez baditu, beharrezkoa izan daiteke haren nahiaren kontra egitea eta haren askatasuna edo hark erabakiak hartzeko duen eskubidea mugatzea, haren osasuna edo segurtasuna bermatze aldera. Prozesuaren amaieran, bideratzaile lanak egiten dituen pertsonak bi fitxa edukiko ditu: bat argi eta garbi ezarri eta adostutako ekintzen zerrendarekin eta, bertan, horietako bakoitza nork egin behar duen eta noiz egin behar duen zehaztuko da; bestea, aldiz, “Ideiak sortzeko fitxa”, nolabaiteko hausnarketa behar duten gaiak hartuko ditu barne eta horretarako beharrezkoa izango da ekintzak pentsatzea.
Azken gai zerrenda horren gaineko hausnarketa eta eztabaida bileraren bukaeran gara daiteke edo pixka bat aurrerago egingo den bilera bateraino atzeratu. Hala, beharrezkoa izango da puntu bakoitza banan-banan kontuan hartzea, horiek lortzeko lehentasun ordena ezartzea, ideiak proposatu eta eztabaidatzea. Jarduteko modu erraza da zerrendan adierazitako gai bakoitzari orrialde bat ematea, lortu nahi den helburua zein den eta egungo egoera zein den deskribatzea eta taldekideei egungo egoera aldatzeko eta nahi den egoerara gerturatzeko ideiak eman ditzaten eskatzea.
Erabilgarria suerta daiteke bideratzaile lanak egiten dituen pertsona ideia bat iradokitzen duen lehenengo pertsona izatea eta, hori egiten duenean, sormen handia erabiltzea eztabaidan lortu nahi den jardun-ildoa markatzeko. Jarraian eztabaida dinamizatzen lagun dezaketen zenbait jarraibide aipatzen dira:
Jendeari sormena izan dezan animatu, gainontzekoen iritziaren beldur izan gabe.
Jendeari ahalik eta ideia gehien eman ditzan estimulatu.
Ez utzi emandako ideiak kritikatzen baina eztabaida sustatu.
Errespetuzko jarrera izan emandako ideia guztiekin, baita dagoeneko egindako proposamenen oso antzekoak direnean ere.
Hausnarketak egin eta ideiak proposatzeko fasea amaitu ondoren, komenigarria da eztabaidatzea zeintzuk jarri beharko liratekeen abian berehala, guztien ustez funtzionatzeko aukera gehien dituztenak oinarri hartuta. Ondoren, ekintza zehatzak izango dira eta “Ekintza planaren fitxa” izenekoari gehituko zaizkio, aurretik adostutako ekintzekin batera, nork esku hartu behar duen eta noiz zehaztuz. Prozesu hori “Ideiak sortzeko fitxa” izenekoan jasota dauden elementu edo alderdi bakoitzaren inguruan errepikatu beharko da.
Eztabaidan nolabaiteko berehalakotasunarekin eta dagoeneko eskuragarri dauden baliabideekin gara daitezkeen aldaketa proposamenak planteatuko dira baina zerbitzuen antolamendu egituran aldaketak behar dituzten eta epe ertainean eta luzean bakarrik bideragarriak diren beste batzuk aurkez daitezke. Hala ere, beharrezkoa da prozesuan zehar aintzat hartzea lortu nahi den xedea pertsonaren bizi kalitatea hobetzeko aukera emango duten aldaketak sartzea eta pertsona horrentzat bizitzak zentzua eduki dezan lortzea dela, kontuan hartuta haren nahiak eta lehentasunak, baita egungo egoera abiapuntutzat hartuta ere. Horrek ez du esan nahi kasu guztietan nahi diren aldaketa guztiak sar daitezkeenik: desiratzen diren aldaketa batzuk zerbitzuaren benetako aukerak baino harago koka daitezke; beste batzuk lortzeko denbora beharko da. Gerta daiteke batzuetan -uste dugun kasuetan baino gehiagotan-, zerbitzua pertsonaren premia eta nahietara egokitzeko beharrezkoa izango litzatekeen aldaketaren garrantzia eta eragina gorabehera, zerbitzuak berak erronka gain hartzea eta aldaketa aurrera eramateko neurri egokiak hartzea. Beste kasu batzuetan, borondate ona eduki arren, ez da bideragarria izango eta egoera horietan komenigarria izango litzateke hausnartzea sareko beste zerbitzu batzuk premietara hobeto egokituko ote diren edo pertsonak bizimodu independenteagoa izan dezan aukera ematen duten neurriak hartzea egokia izango litzatekeen.
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik “konfigurazioa” aukeran. “Onartzen dut” botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu "Irakurri gehiago" lotura informazio gehiago lortzeko.