Pertsonan oinarritutako plangintzak paradigma aldaketa dakar; bertan, “zerbitzuen eredua” utzi eta “laguntzen eredurantz” egiten da, eta, azken esparru horren baitan, helburua, batez ere, jarduteko modua eta ezinduarekiko harremanaren izaera aldatzea da. Behar bezala aplikatuz gero, emaitza pertsonak nahi duen bizi estiloa ulertzea eta hori nola lortu daitekeen zehaztea da. Pertsonan oinarritutako plangintzaren aplikaziotik sortu behar den proiektuak islatu egin behar du pertsonak berak bere bizitzari buruz duen ikuspegia, eta ez senideena, profesionalena edota antolamenduarena.
Arretaren filosofia berri bat da, eta, ondorioz, eraginkortasunez aplikatzeko, ezinbestekoa da antolamenduan oinarri irmo bat edukitzea, haren formulazioan ageri diren printzipioak eta balioak onartzeko. Pertsonan oinarritutako plangintzak, modalitateak gorabehera, benetako eragina izan dezan erakunde baten lan egiteko moduan eta ezinduei laguntza ematekoan, ez da nahikoa antolamendu horretan zerbitzu jakin batean integratuta garatzearekin. Ezinbestekoa da, halaber, antolamenduak oso- osorik ikuspegi hori barneratzea eta hura zerbitzuen multzoari zabaltzea, eta laguntza ematen duten langileei nahiz zuzendariei eragitea.
Adierazi berri dena ezinbestekoa bada ere, ez da nahikoa: horrekin batera, beharrezkoa da ezinduaren, bere senideen eta lagunen partetik ulermena eta onarpena lortzea ere, hau da, loturagatik, plangintzaren diseinuan edota aplikazioan parte hartze zuzena eduki dezaketen horien partetik.
Pertsonan oinarritutako plangintza hartzearen eragin ildo nagusiak
Denborari dagokionez, bizitza estiloaren funtsezko plangintza sartzea epe ertain eta luzerako prozesu bat da: zerbitzu batean, urtebeteko edo bi urteko lana behar izan daiteke, betiere, benetako dedikazioa bermatuz gero. Horrek ez du esan nahi denbora hori itxaron behar denik lehenengo emaitzak ikusteko, baina bai plangintza sendotzeko lan egiteko modu bezala eta ezarritako helburuei dagokienez emaitza irmoak lortzeko.