Ezinduek, beren ezintasuna intelektuala nahiz fisikoa edo sentsoriala izan gorabehera, gainerako biztanleriak bezala jasan ditzakete buruko osasuneko arazoak, eta gainerako biztanleriak bezala ere, nahasmendu horiek gizarteratzea eta gainerakoekin elkarrekintzan aritzea galarazten diete. Pertsonek aldi berean ezintasunen bat eta buruko gaixotasuna edo nahasmendua ageri dutenean, diagnostiko dualaz hitz egin ohi da. Ikusiko dugun moduan, beti ez da erraza izaten buruko patologiaren bat dagoela antzematea eta hura diagnostikatzea. Ikuspegi horretatik begiratuta, ezinbestekoa da gizarte zerbitzuen sarea buruko osasuneko sarearekin hobeki koordinatzea eta, batez ere, sare hauetako bakoitzak diagnostiko dualaren berezitasunak, ezinduarengan buruko gaixotasunak duen eragina eta buruko gaixotasunean ezintasunak duena hobeki ezagutzen dituela sustatzea. Horrela bakarrik hobetu ahalko dira horrelako egoera batean daudenei zuzendutako arreta, haien bizi kalitatea eta haien ingurunekoena.
Gaur egun, eredu biopsikosozialak faktore biologikoak, psikologikoak eta sozialak elkarrekintzan aritzeari uztartzen dio buruko gaixotasunak agertzea. Ezinduen kasuan, faktore horien azterketak azaldu egiten du pertsona batzuk beste batzuk baino zaurgarriagoak izatea nahasmendu psikiatrikoa jasateko garaian:
- Nahasmendu biologikoak. Ezintasun batzuk sortzen dituzten nahasmendu biologikoak zaurgarritasun faktore dira aldi berean buruko gaixotasunarentzat. Hain zuzen ere, erditzean sortutako arazoak, haurdunaldian edo jaio eta gero sortutako infekzioak, traumatismoak, arazo metabolikoak, herentzian hartutako nahasmenduak edo bestelako batzuk defizit biokimikoak edo garuneko lesioak eragin ohi dituzte, eta horiek beste patologia batzuk baldintzatzen dituzte –epilepsia, arazo sentsorialak, mugimendu arazoak, manipulaziokoak, eta abar–. Aldi berean, beste patologia horiek patologia psikiatrikoaren agerpenaren alde egin dezakete.
- Faktore psikologikoak. Faktore psikologiko batzuk erabakigarriak izan daitezke ere buruko gaixotasunari dagokionez. Adibidez:
- Defizitak gaitasunetan: ezinduek arazo gehiago dute eguneroko gatazkak ebazteko eta, beraz, estres, tentsio, frustrazio eta mota erreaktiboko patologia gehiago pilatu dezakete.
- Sentimenduak komunikatzeko ezintasuna: ezinduek zailtasun garrantzitsuak eduki ditzakete beren sentimenduak –goibel, urduri, eskerturik, minduta, eta abar– edo nahiak adierazteko, eta muga horiek asko baldintzatzen dituzte beste pertsona batzuek ezinduak laguntzeko eta babesteko dituzten aukerak, izan ere, beti ez dira sentimendu edo desio horiek antzeman edo ulertzeko gai izaten.
- Gizarte faktoreak. Gizarte faktore batzuk eragin dezakete ezinduek neurriz gaineko exijentzia maila bati aurre egin behar izatea –errefusa, aukera desberdintasuna, zaintzaileen aldaketa adierazgarriak, egoitza zerbitzu batean bizitza norberaren etxean bizi ordez– eta, presio horri erantzunez, elkartutako patologia bat garatzera iritsi daitezke.