Ezinduei arreta ematen dien edozein profesionalek aurre egin behar dio nahiko maiz jokabide gatazkatsuen agerpenari, eta horietan ez da beti nabarmena izaten nola jardun jakitea. Normala da horien aurrean zalantzati eta segurtasunik gabe egotea. Gida honek lagundu egin gaitzake horrelako kasuetan hobeki jarduten eta egoera hobetzea ahalbidetuko duten neurri batzuk hartzen. Adierazi behar den lehenengo gauza da jokabide gatazkatsuak “gidatzeko” tradizioz erabili izan diren ikuspegiak ez direla eraginkorrak izaten. Nagusiki, bi arrazoi dago eraginkor ez izateko:
- Lehenengoa jokabide erako esku-hartzeek ez diotelako interes gehiegi eman jokabide gatazkatsuak ageri dituen pertsona nor den ulertzeko, jokabide horiek zein testuingurutan azaltzen diren ulertzeko, jokabide horiek pertsonarentzako betetzen duten funtzioa zein den jakiteko eta pertsonak horrelako jokabidea ageri duenean lortu nahi duena ikusteko.
- Bigarrena, jokabide esku-hartzeak, funtsean, jokabidea ezabatzera edo kontrolatzera zuzendutako erantzunak aplikatzean oinarritu direlako –ezinikusi erantzunak–, ezinduari gaitasun alternatiboak irakatsi ordez horiek jokabide gatazkatsuak lortzea ahalbidetzen dion helburu berdina lortzeko modu egokia izan daitezen. Gaitasun alternatiboak irakasteko elementu honek zuzenean lotzen ditu jokabideari lotutako laguntza positiboa egokitzeko jokabideak irakatsi eta ikastearekin. Azken hori, orokorrean, jokabide berriak hartzeari aplika dakioke, eta jokabide horiek ez dute zertan zuzendu jokabide gatazkatsu bat ordezkatzera.
Praktika onen gida hau, ebaluazio funtzionalari buruzko serie honetako gida bezalaxe, beste ikuspegi batetik abiatzen da, ohiko ikuspegitik apartekoa. “Jokabideari lotutako laguntza positiboa” esaten zaio eta langileek ezinduen jokabide gatazkatsuei, testuinguru ezberdinetan, eraginkortasunez erantzutera zuzenduta dago. Bi gidak osagarriak dira, eta erreferentzia izan nahi dute pertsona hauei arreta ematen dieten profesional taldeentzat:
- lehenengoak jokabide gatazkatsua gertatzean eragina duten aldagaiak antzemateko eta dituen funtzioak eta lortu nahi den helburua zehazteko gidalerroak biltzen ditu;
- bigarrenak kontzeptu eskema bat ematen du. Horren bitartez, eta ebaluazio funtzionalak emandako informazioa oinarri hartuta, jokabideari lotutako laguntza positiboko plana diseinatuko da, pertsona bakoitzaren beharren eta lehentasunen arabera hobekien egokitzen dena. Halaber, eraginkortasun maila eta aplikazioko arrakasta ebaluatzeko aukera ematen du.
Gida hau ezinduei laguntza ematen zaion edozein testuingurutan aplika daiteke: etxeko eta familiako eremuan, egoitzen eremuan, ikastetxeetako edo laneko testuinguruan, eguneko arretako zerbitzuetan edo pertsona hauentzat bizitza egiteko toki edo gaitasunak hartzeko toki diren beste batzuetan.
Jokabideari lotutako laguntza positiboa funtsezko lau oinarriren inguruan egituratzen da, jarraian azaltzen da horietako bakoitza:
Jokabideari lotutako laguntza positiboaren funtsezko oinarriak
- 1. oinarria.- Jokabide gatazkatsuek zerikusi zuzena dute horiek gertatzen diren testuinguruarekin.
- Jokabide gatazkatsuen abiapuntua jokabide horiek dituen pertsonaren ingurunean gertatzen den zerbait izan ohi da, eta inguruneko eragin horiek gertaera garrantzitsuak edo axolarik gabeko ekintzak izan daitezke, kanpoko elementuetatik etor daitezke edo jokabidea ageri duen pertsonaren barruko faktoreen ondotik etorritakoak izan. Beste era batera esatearren, jokabide gatazkatsuak arrazoiren batengatik geratzen dira, zergati zehatz bat dute, eta ezin dira ezintasunaren sintoma sinple bat bezala interpretatu edo hartu edo haren berezko ezaugarri bat bezala. Gertatzen direnean, jakin egin behar da, beraz, ingurunean zerbait ezinduari egokitzen ez zaiola esan nahi duela.
- 2. oinarria.- Jokabide gatazkatsuek oso funtzio zehatza dute jokabide horiek ageri dituen pertsonarentzat.
- Jokabide gatazkatsuek berariazko helburua dute, hau da, pertsonarentzat erabilgarritasun argia dute. Gauzak horrela, pertsona batek jokabide gatazkatsua erakutsi dezake ezatseginak zaizkion egoeretatik alde edo ihes egin nahi duenean edo, bestela, nahi dituen jarduera, gauza edo harremanetara iristea lortzeko.
- Garrantzitsua da aintzat hartzea jokabideak funtzio bat duela esaten denean horrek ez duela esan nahi, halabeharrez, funtzio operatiboa edo asmoz beterikoa denik. Funtzio operatibo bat izan daiteke, baina ez kontzientea, ez nahita garatutakoa, eta operatiboa ez den funtzioa ere izan daiteke, azpian ageri den arrazoi baten ondotik etorritakoa izanez. Hori gertatzen da, maiz, jokabidearen arrazoia organikoa den kasuetan.
- Jokabideari lotutako laguntza positiboaren abiapuntua hau da: ezinduek jokabide gatazkatsuak ageri dituzte ez dutelako eskuratu edo galdu egin dutelako gaitasuna, espero diren emaitzak lortzea ahalbidetuko dieten gizarte erantzun egokiak emateko. Erantzun egoki horiek xede berdinerako jokabide gatazkatsuak bezain erabilgarriak izango
- 3. oinarria.- Esku-hartze eraginkorrenak pertsonaren, bere gizarte testuinguruen eta, testuinguru horietan, pertsonaren jokabide gatazkatsuek betetzen duten funtzioaren ezagutza sakonean oinarritzen dira.
- Gaur egun, ikerketen emaitzek diote esku-hartze eraginkorrenak ezinduarengan eragina duten testuinguruko inguruabarrak – jarduerakoak, ingurunekoak, pertsonalak eta gizartekoak – nahiz testuinguru horietan kasuan kasuko pertsonarentzat jokabide gatazkatsu horiek betetzen duten funtzioa ongi ezagutzera iristean oinarritzen direnak direla, ebaluazio funtzionalaren bitartez. Inguruneko eraginak behin zehaztuta eta jokabide gatazkatsuak betetzen duen funtzioa ezagututa, helburua hirukoitza da:
- ezinduaren egonkortasuna kaltetzen duten egoerak murrizteko aldagai hauek aldatzea;
- gizartean onargarriagoak diren jokabide alternatiboak irakastea;
- gaitasun alternatibo hauek erabiltzeko motibazioa ematea.
- 4. oinarria.- Jokabideari lotutako laguntza positiboa pertsonaren duintasunarekiko errespetuzkoak diren balioetan, bere lehentasunetan eta banakako helburuetan oinarritu behar da.
- Jokabideari lotutako laguntza positiboa pertsonaren duintasunarekiko errespetuan oinarritutako balioetan oinarritzen da, haren ulermen gaitasuna eta jokabide gatazkatsuen larritasuna zein den gorabehera. Horrek esan nahi du ezindua irainduko ez duten esku-hartzeak aukeratu behar direla eta, hala, ohiko edozein testuingurutan eta ezintasunik gabeko adin berdineko pertsonengan onargarriak eta barneratzeko modukoak izango liratekeela.
- Gainera, beharrezkoa da esku-hartzeek aintzat hartzea ezinduaren lehentasunak eta banakako helburuak zeintzuk diren, laguntza ematen duten langileentzat edo pertsonaren senideentzat garrantzitsu eta adierazgarri diren emaitzak lortzera besterik mugatu gabe. Ikuspegi horretatik begiratuz gero, jokabideari lotutako laguntza positiboak aukera ugari eskaini behar dizkio ezinduari: adiskidetasuneko harremanak eratu eta mantentzen direla erraztea; gizarte harremanak hobetzea; aisiako edo laneko ohiko jardueretan eta komunitateko beste jarduera batzuetan parte hartzea; ezinduak atseginez eta gozamenduz hartzen dituen jarduera edo egoeretara iristea, eta hark erabakiak hartzeko duen gaitasuna bultzatzea, aukeratzeko aukera sorta areagotuz.
- Ikuspegi horretatik begiratuta, funtsezkoa da langileak ez ezik senideek eta hurbileko beste pertsona batzuk ere beren gain hartzea aukera horiek eskaintzeko beharra, eta burua irekita edukitzea berrikuntza eta aukera berriei.
Adierazi berri dena aintzat hartuta, esan daiteke jokabideari lotutako laguntza positiboaren ezaugarri oinarrizko bi elementu direla:
- pertsonaren duintasunarekiko errespetuzko balioetan oinarritutako ikuspegia da;
- aplikatzen zaion pertsonaren berariazko beharrei erantzuteko saiakera egiten du, banaka eta pertsonalizatuta.
Honakoa aplikatzeko lehenengo urratsa jokabide gatazkatsuaren gaineko ebaluazio funtzionala egitea da. Horrela, jokabide gatazkatsuetan eragina duten edo horiek ekartzen dituzten inguruneko faktoreak identifikatu dira –jarduera aldagaiak, ingurunekoak, pertsonalak eta gizartekoak–, eta pertsonaren lehentasunak eta interesak nahiz bere banakako sendotasunak zehaztuko dira. Ebaluazio hori oinarri hartuta, jokabideari lotutako laguntzako plan bat lantzen da, berariaz diseinaturikoa bakarkako beharrei erantzuteko. Bertan, laguntzeko esku-hartze ugari jasotzen dira, eta horiek arreta jartzen dute gaitasun alternatiboak entrenatzean, ingurumen egokitzapenen diseinuan eta bizi estiloan hobekuntzak sartzean. Jokabideari lotutako laguntzaren azken helburua epe luzerako emaitza adierazgarriak lortzea da. Arrakasta ez da neurtzen bakar-bakarrik jokabide gatazkatsuak murriztu diren arabera; horrekin batera, gaitasun alternatiboen erabileran eta pertsonaren bizi kalitatean lortu diren hobekuntzak ere neurtzen dira. Funtsezkoa da pertsonaren ingurune zuzeneko kide direnek, bai arreta zerbitzuetakoek, bai etxekoek, adi begiratzea ingurunean antzemandako aldaketei, baita garrantzi gabekoak badirudite ere. Askotan, guztia berdin dagoela pentsatzeko joera dugu, ezer ez dela aldatu, benetan erreparatu ez arren inguruneko elementu batzuk aldatu direnean.